“Saltokiaz harago, Elikagunea dastaketa eta heziketa gunea izatea nahi dugu”

uztarria.eus

Artxara Kooperatiba Elkarte Txikiak kudeatuko du Azoka Plazako Elikagunea. Agurtzane Odriozola (Azkoitia, 1979), Ioritz Aizpuru (Azpeitia, 1983) eta Xabi Izagirre (Azpeitia, 1986) dira Artxara osatzen duten lagunak, eta proiektua herriratzeko bazkidetza kanpaina abiatu dute gaur. Saltoki arruntetatik “bereiziko” den gunea izango dela diote, “Euskal Herriko elikagaien topagunea, kontsumo eredua eraldatuz lehen sektorea indartu nahi duen proiektu kooperatiboa”, hain zuzen. Elikagunea urtarrilean irekitzea aurreikusten dute.

Zer da Elikagunea?

Bertako produktuak bilduko dituen gunea da. Hau da, Azpeitia erdigune bezala hartuta, 150 kilometroren bueltan ekoitzitako lehengaiak jasotzen dituen lekua izango da Elikagunea. Bertan, janari denda, harategia eta sukaldea egongo dira, baina saltokia izatetik harago, Elikagunea dastaketa eta heziketa gunea izatea nahi dugu. Horretarako, denetariko ekimenak egingo ditugu. Esaterako, produktuen aurkezpenak, baserritarren produktuen dastaketak… Helburua da bertako produktuei balioa ematea eta lehen sektorea indartzea, baita herritarrei informazioa ematea ere.

Saltoki arruntetan aurki daitezkeen produktu batzuk ezingo dira Elikagunean topatu, hala nola laranja, kafea, txokolatea, platanoa… Elikaguneak erakutsiko du zer dagoen eta zer ekoizten den Euskal Herrian, eta zer ez. Era berean, garaian garaiko produktuak eskainiko dituen lekua izango da.

Proiektu honetan murgildu aurretik, ba al zenuten harremanik lehen sektorearekin? 

Odriozola: Ni baserritarra naiz betitik, baserrian bizi izan naiz. Abereak zein baratzea beti gertu izan ditut. Bestalde, hiru urte daramatzat harategian lanean, eta asko gustatzen zait bertako produktuen mundu hau.

Aizpuru: Gurasoak baserrikoak dira, baserria gertu izan dut beti, eta gaur egun baserrian bizi naiz neu ere. Beti erakarri izan nau lehen sektorean jarduteak, baina sekula ez naiz animatu pausoa ematera. Elikagunearen aukera hau ikusi nuenean, ordea, interesa piztu zitzaidan, eta hirurok eman diogu forma ideia hutsa zenari. Azken batean, sentsibilizazio bera dugun hiru pertsona gara, eta hortik hartu genuen lehiaketara aurkezteko eta proiektua elkarrekin egiteko erabakia.

Izagirre: Ni kalekumea naiz, kar, kar, kar. Nahiz eta orain arte lehen sektorearekin ez dudan zuzeneko harremanik izan, banuen lehen sektorearen gaineko sentsibilizazio bat. Sukaldaria naiz, eta bertako jeneroa prestatzea nahiago dut. Azken finean, bakoitzak geure eremutik egin diogu ekarpena proiektuari.

Zein pauso jarraitu dituzue proiektuari gorputza emateko?

Oinarrian, Udalaren proiektua eta diseinua dago, bai filosofia aldetik eta baita fisikoki ere: bertako produktuei balioa emango dion saltokia. Guk ideia hori hartu eta edukiz jantzi dugu. Alde batetik, proiektuari juridikoki zer forma eman adostu dugu. Bestetik, bertan salduko diren produktuak zehazteaz gain, Elikagunean egingo diren ekintzak zehaztu ditugu.

Proiektu herritar bat lantzea zen aurreneko asmoa. Horregatik, argi ikusi genuen kooperatiba forma eman behar geniola Elikaguneari. Behin erabaki hori hartuta, proiektua sendotzen hasi ginen, betiere proiektu herritar eta parte-hartzailea izateko nahiarekin. Horregatik, hasieratik nahi izan dugu tokiko ekoizleekin eta kontsumitzaileekin elkarlanean jardutea. Horren harira, bazkidetza kanpaina jarri dugu abian. Bestalde, Artxara kooperatiba bai, baina irabazi asmorik gabeko kooperatiba izatea adostu genuen. Modu horretan, Elikagunean irabaziak baleude, lehen sektoreko proiektu ezberdinak edo Elikagunea bera indartzera bideratuko lirateke.

Herriko hainbat talderekin egon zarete harremanetan.

Proiektua osatzeko orduan, herriko nahiz Euskal Herriko txoko ezberdinetako eragileekin egon gara, eta haien ekarpenak jaso ditugu. Urte eta erdi inguru eman dugu proiektua egiten.

Zergatik da garrantzitsua bertako produktuak bertako herritarrek kontsumitzea?

Argi dagoena da kontsumitzaileak bertako produktuen alde egiten duela. ikusi besterik ez dago supermerkatu kate handiak bertako produktuak txertatzen hasi direla. Hori positiboa da; produktu batzuk sartu dituzte, baina tristea bada ere, marketing kanpainetan gelditzen dira. Bertakotasunarekin lotutako marketing kanpainak egiten ari dira, baina praktikan asko dago egiteko. Marketing mezu horietatik harago, denda txikiei pausoak ematen lagundu nahi diegu, ez dituztelako saltoki handiek dituzten erraztasunak.

Hala ere, bertakotasunaren garrantzia ez da moda kontua, logika hutsa baizik. Lehen sektorea indartzeko eta elikadura burujabetza lortzeko, ezinbestekoa da bertan ekoiztutakoa bertan jatea.

Baserritarren plazara zoazte. Haiek ikusiko al dute konpetentziarik Elikagunean?

Beraien plazara goaz, bai, baina guk nahi duguna da haiek eskaintzen dituzten produktuak modu iraunkor batean ematea beste erosle profil bati. Era berean, esan behar dugu, baserritarrei erosiko dizkiegula produktuak, eta haiek jartzen diguten prezioan erosiko diegula materiala, hau da, negoziaziorik gabe.

Jarri gara harremanetan baserritarrekin, banan-banan hitz egin dugu haiekin, eta asmoa da elkarrekin ekimenak egiten hastea. Esaterako, azoka egunetan baserritarren produktuekin dastaketak egitea nahi dugu. Orain arte, jarrera ona erakutsi dute. Kontsumo taldeekin ere hitz egin dugu jada, beraien saskiak-eta guk banatzeko Azoka Plazan bertan. Motzean, elkarlana da nahi duguna, herritarrekin eta eragileekin elkarlana, gure xedea delako azoka eta lehen sektora indartzea. Helburu soziala duen proiektua da Elikagunea; hori da gure filosofia.

Bazkidetza kanpaina jarri duzue abian. Zertan datza? 

Bi helburu nagusirekin jarri dugu martxan kanpaina. Hiru bazkide langileon ekarpen ekonomikoarekin egin diogu aurre proiektuaren oinarria finkatzeari. Baina Elikagunea martxan jartzerako, pentsatu genuen komeni zela likidezia lortzea, produktu gehiago eskaini ahal izateko herritarrei. Bestalde, bazkidetza kanpaina Elikagunea ezagutarazteko bitarteko ona izan zitekeela ikusi genuen, baita Elikagunearen inguruko komunitate bat sortzeko ere. Finantzaketa kolektiboaren eta bazkide kanpainaren helburuak dira likidezia lortzea, egitasmoa ezagutaraztea eta bazkideak lortzea.

Zenbateko ekarpena egin dezakete herritarrek?

10-30 euro jartzen dituztenek, proiektuari babesa emango diete. 50 eurotik gorako diru ekarpena egiten dutenek, berriz, bazkide txartela eskuratuko dute. 50 euro baino gehiago jartzen duten lagunek, kopuru horretatik gorako dirua erosketa txarteletan gastatzeko aukera izango dute. Bazkidetza crowdfunding kanpainak 40 egun iraungo du.

Proiektuak biziraun behar badu, ezinbestekoa da kontsumo jasangarriaren inguruko komunitatea sortzea. Horregatik emango diogu garrantzia bazkidetzari. Bazkideek lantalde ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute, jendearen proposamenak entzuteko gaudelako.

Lanari dagokionez, zein izango da zuen egitekoa?

Ioritz janari dendan ariko da, Xabi sukaldean, eta Agurtzane harategian. Gainerako ekintzetan, gaiaren arabera banatuko ditugu egitekoak.

Sukaldea izango du Elikaguneak. Zein izango da haren funtzioa? 

Hasiera batean, plater prestatuak egiteko erabiliko dugu. Modu horretan, jaki ontziratuak salduko ditugu, baita pisura ere. Horrez gain, catering zerbitzua eskaini nahi dugu. Bestalde, dastaketak egingo ditugu. Jendeak eskatzen duenaren arabera ere moldatuko dugu eskaintza. Azpimarratu nahi duguna da, denetariko jatekoa prestatu nahi dugula, garaian garaikoa, baina gustu eta behar guztietara egokituko dena: beganoa, alergenoa…

Noiz zabaltzea aurreikusten duzue? 

Urtarrilean. Obrak noiz bukatuko zain gaude, eta horren araberakoa izango da irekiera data. Izan ere, behin dena prestatzen dutenean, guk lekua hornitu beharko dugu. Horretan emango dugun denboraren araberakoa izango da, beraz, irekiera eguna.

Jakin-min handia piztu duen egitasmoa da. Elikaguneak ateak zabaltzearen atarian, zer sentsazio dituzue?

Ilusioz, gogotsu eta urduri gaude. Jendeak bere espektatibak ditu, eta presio horrek errespetua sortzen du.  Gauza berria da guretzat, nahiz eta bakoitza bere esparruan, aurrez jardundakoa den. Eragile eta herritar ezberdinen elkarlana lortzen badugu, oso proiektu erakargarria izango da. Denborak esango du…