Auzoa azokara aterako da larunbatean, Sanjuandegiko Azoka Herritikekin
uztarria.eus
10:00etatik 14:00etara askotariko postuak izango dira zabalik auzoan. “Auzolanaren bidez herri justu eta bizi bat lantzea” da antolatzaileen helburua. Elikaguneko kideek jarriko duten postua izango da aurtengo berrikuntza.
Azoka auzora, auzoa azokara lelopean, badator aurten ere Sanjuandegiko Azoka Herritik. Abenduan sartzearekin batera, urteroko hitzordua prestatu dute XJ Auzolanean taldeak eta Azoka Herritik egitasmoan biltzen diren herriko talde eta sektore ekonomiko ezberdinek, Udalaren laguntzarekin. “Txikitik eragitea da gure xedea, tokiko sorkuntza eta ekoizpenari bide eman, zentzuzko kontsumoa bultzatu, kaleetako bizitza soziala indartu eta auzolanaren zein elkarlanaren bidez herri justu eta bizi bat lantzea”, azaldu dute antolatzaileek.
“Txikian egindako lan horretan” sinesten dute Azoka Herritikeko kideek, eta herriko auzoetan ekimenak egiteak horri erantzuten diola uste dute. “Alde Zaharrean irailean egiten dugun azokaz gain, Sanjuandegikoak ere bere lekutxoa egin du herriko agendan azken urteetan, eta bide horretan aletxo bat jartzeko gogoz elkartu gara aurtengoan ere”. XJ Auzolanean taldekoek eman dieten laguntza eskertu dute Azoka Herritikeko kideek.
Aurtengo berrikuntzetako bat Elikaguneko lagunen eskutik etorriko da. Kooperatiba moduan antolatu eta tokiko produktuak urte osoan zehar eskainiko dituen dendak laster ikusiko du argia, eta proiektu hori azalduko dute sustatzaileek azokan. Haien arabera, Azoka Herritiken filosofiari “bete-betean” lotzen zaio Elikagunea, eta uste dute “denon erronka” izango dela proiektua sendo abiatzea. Horrez gain, beraiek prestatutako pintxoak dastatzeko aukera ere izango da larunbatean.
Elikaguneko kideez gain, beste hainbatek ere jarriko dituzte postuak larunbatean: baserritarrek –bertako eta garaiko barazkiak, gaztak, ogiak… eskainiko dituzte–, artisauek –arropak, txotxongiloak, karterak, belarritakoak, lepokoak… salduko dituzte–, herriko kooperazio taldeek beren proiektuak ezagutzera emango dituzte, Elkar-ekinek bigarren eskuko azoka jarriko du –liburuak, arropa, sukaldeko tresnak, altzariak eta antzeko produktuak… eskuratu ahal izango dira– eta gazteek janari postua jarriko dute salda, haragi egosia eta txanpiekin.
Antolatzaileek herritarrak azokaz gozatzera animatu dituzte.
Hona hemen larunbateko egitaraua:
-10:00etan. Azokaren irekiera.
–11:00etan. 4-5 urte bitarteko umeentzako ipuin kontalaria Txiki-Txoko ludotekan.
–Goiz osoan zehar. Trikitilariak, erakusketak eta musika.
-14:00etan. Azokaren itxiera.